HABEko 4. maila
Zer da 4. MAILA
HABEk ofizialki izendatu duen euskalduntze osteko fase edo maila berria. 4. MAILAko titulazioa hauekiko baliokidea da: 4. HE (administrazioa) eta C2 (Europako Erreferentzia Markoa).
Zertan datza 4. MAILA?
Laugarren maila burututakoan ikaslea gai izango da kultura-maila goreneko eta norbere espezialitateko gaien inguruan elkarrizketa mantentzeko eta iritziak eta azalpenak emateko. Halaber, testu espezialduak bere osotasunean jasoko ditu eta hizkuntza formalean nahiz informalean egoerari egokituz eta arrakasta lortzeko moduan, era guztietako testuak zuzen, zehatz eta jator idazteko gai izango da.
4. MAILAko ikastaroaren bestelako ezaugarriak:
- Iraupena: 150 talde-ordu + 10 tutoretza-ordu (indibidualak).
- Agiri ofiziala: proba idatzia eta ahozkoa gainditu behar dira.
Hizkuntzarekin jolasean
4. MAILAko ikastaroaren helburu nagusia da ikasleei eurek sortutakoa ahoz nahiz idatziz, era zuzenean eta egokian azaldu ahal izateko baliabideak erabiltzen irakastea; hizkuntzarekin jolas egiten laguntzea, alegia.
Hau da, guk bai hitz egiten dugunean eta bai idatzizko testuren bat sortzen dugunean HELBURU jakin batekin egiten dugu. Gure hizketaren edo idatziaren bidez zerbait LORTU nahi dugu. Honela adibidez: entzulea edo irakurlea konbentzitzea, zerbaitetaz ohartaraztea, kexaren bat adieraztea, zerbait azaltzea, zerbait kontatzea, zerbait egitera bultzatzea… Eta nahi dugun helburu hori lortzeko estrategia/baliabide batzuk erabiltzen ditugu (askotan gu geu konturatu ere egin gabe) beti ere, helburu hori ahalik eta modurik eraginkorrenean lortzeko asmoz.
Komunikatzaile onak sortzea
Lortu nahi dugun hori beti oso kontuan izanda, nork bere esku du zein baliabide/estrategia hautatu. Estrategien aukera oso handia da, baina kontua da, hautatzen ditugun horiek egokiak al diren lortu nahi dugun hori eskuratzeko. Horren arabera, testua arrakastatsua izango da edo ez.
Testuen egokitasuna
4. MAILAko ikastaroa egiten duten ikasleak trebatzen ditugu testu zuzenak eta egokiak sortzen, bai ahozko jardunean eta bai idatzizkoan. Eta egokitasun hori, aipatu berri dugun bezala, estrategia/baliabide egokien erabileran oinarrituta egongo da. Izan ere, testu bat zuzena izan daiteke (akats gramatikalik gabea, alegia) baina ez egokia; izan ere, egokia izateko baldintza jakin batzuk bete behar ditu.
Erabaki onak hartzen irakastea
Hitz egiten dugunean edo idatzizko testu bat idazten dugun bakoitzean, “erabakiak” hartu beharrean izaten gara. Konturatzeke edo konturatuta, honako galdera hauek egiten dizkiogu geure buruari eta egin beharrean aurkituko gara testuak egokia izatea nahi badugu:
- NOR ari den hitz egiten edo idazten.
- NORI zuzendu nahi diogun gure arduna.
- NON ari garen hitz egiten edo idazten.
- ZERTARAKO ari garen hitz egiten edo idazten.
Norentzat
EGA maila duen edonori zuzendutako ikastaroa dugu honako hau, hots, oinarrizko maila hori HOBETU nahi duen edonorentzat, euskaldun zahar nahiz berri izan.
4. MAILAko ikastaro hau egokia da euskara maila JASOAGOA izan nahi duen edonorentzat eta euskara tresna gisa (LANEAN batez ere) erabili nahi/beharko duenarentzat edo jadanik erabiltzen duenarentzat. Besteak beste:
- Administrazio-munduan (Udaletxe, Foru Aldundi, Eusko Jaurlaritza…) lan egin nahi dutenentzat, goi mailako ikasketak izanik; adibidez, oposizioak prestatzen ari direnentzat eta une honetan administrazioko 4. hizkuntz-eskakizunera aurkeztu ezin direnentzat.
- Irakaskuntza-arlokoentzat: batxilergoan, goi-zikloetan, fakultateetan… irakasten ari direnentzat; adibidez, ekonomiako irakasleentzat, biologiakoentzat, historiakoentzat…
- Abokatuentzat, notarioentzat, aholkulari-etxeetan ari diren ekonomilarientzat, kontableentzat…
- Osasun arloan ari direnentzat: hainbat espezialitateko medikuentzat…
- Enpresa munduko goi-mailako teknikarientzat: arkitektoentzat, ingeniarientzat, informatikoentzat…
- Hedabideetan lanean ari diren kazetarientzat, esatarientzat…
- Besterik gabe euskara maila jasoagoa izan nahi duen edonorentzat.
















