Joseba Sarrionaindiaren “Hau da ene ondasun guztia” olerki liburutik:
(1999, Txalaparta & Esan Ozenki, Susa)
MUNDUA ZABALA ETA ARROTZA DA
Ez dizuet esango zelan iritsi nintzen
hiritik lau edo bost ordutara
mendian hurrin egurrez eta hostoz eraikitako
eskola haretaraino.
Iritsi nintzen eta, albotik pasatu behar nuen arren,
mendien bestaldera bait nindoan,
Maisuaren abotsa entzundakoan jakin minez
gelditu nintzen:
«Mundua zabala eta arrotza da» zioen
liburu bat eskuetan zabalik.
Ate erdi irekitik ikusi nuen, Maisua, umeen
artean zutik diktatzen:
«Mundua zabala eta arrotza da» errepikatu zuen
eta umeak buruak makurtu eta
lapitzak paperaren kontra sakatuz hasi ziren
idazten: «M u n d u a…»
Maisuak silabak larriduraz iraun erazi zituen
gehitzeko «za-ba-la e-ta…»
gero abotsa ezpainetan zintzilik eutsi ondoren
bukatzeko «…arrotza da».
Umeen begi beltzak begiratu ondoren, kaligrafiaren
garrantzia azpimarratuz bezala
errepikatu zuen «Mun-du-a za-ba-la…» eta
hizkiak luzeagotuz «e-ta a-rro-tza da».
Orduan pausa laburra egin zuen eta gero errime
berriro: «Mundua zabala eta…»
eta umeteriak, begiak paper lohietatik altzatuz,
oihuka esan zuen: «…arrotza da!».