MINTZAKIDEEN MINTZAIRA: Juan Luis Zabala
Mintzakide | 2010(e)ko mayok 19
Jean Barbier
Supazter chokoan (Baiona, 1922)
Arrats Beheran
— Ertzaintza! —atera zitzaion barren-barrenetik oihua Lauaxetari, bera eserita zegoen bankura gerturatzen ari zen ertzain-autoaren kanpoaldeko errotuluei harriduraz begira.
Inork ez zuen entzun oihua. Ingurura begiratu eta, bere burua kontrolatuz, barrenerako gorde zituen hasierako harridura-kolpearen ondorengo adierazpenak: “Guk asmatutako berba jaukak agerian autoak! Eta matrikula be ertzainena dok, geure ertzainena! Geureak dozak horreek, geureak! Ertzainak nagusi kalean, alajainkoa! Ez gintzuazan alferrik hil! Irabazi egin ete genduan ba azkenean guda? Euzkadi azke ete da?”
Nahiz eta ezer esan ez, ertzain-autoari begira-begira geratu zitzaion Lauaxeta, eta txoferrak susmo gaiztoz begiratu zion aldamenetik pasatzean.
Harrituago utzi zuen Lauaxeta polizien ibilgailuko errotuluak bere bat-bateko berpizte ustekabekoak baino. 1937an hila zen, gogoan zituen Gasteizko hilerriko fusilamenduko xehetasunak. Orain, ezerezetik bat-batean jalgia, ezkutuko indar batek heriotzaren ilunpeetatik biziaren argira itsumustuan erauzia, plaza bateko bankuan eserita berpiztu berria zen, gerra aurreko traje dotorez jantzita, gorbatadun eta betaurrekodun, baina fusilatu zutenean