EUSKARAREN ERABILERA SUSTATZEKO MINTZAKIDE PROGRAMAREN BIGARREN EDIZIOA HASIKO DA
Mintzakide | 2009(e)ko octubrek 14
Bilbao, 2009ko urriaren 15a. Mintzakide Programaren lehen edizioaren arrakastaren ondoren, Bilboko Udaleko Euskara Sailak martxan jarriko du euskararen erabilera sustatzeko ekimen ludiko berritzaile honen bigarren edizioa.
Ekimen horrek euskara ohiko hizkuntza dutenekin eta euskara maila eta jariotasuna hobetu nahi duten pertsonekin bikoteak osatuko ditu berriro. Bikotekideek gutxienez astean ordubeteko zitak izateko konpromisoa hartu behar dute.
Nobedade gisa, Mintzakide programaren bigarren edizioak urte bateko iraupena izango du. Hala ere, lehen edizioaren estrukturari eutsiko zaio, eta bikoteek 10 astean ordubeteko zitak izateko konpromisoa hartu behar dute eta programa amaitu arte, hots 2010eko urrira arte, konpromiso hori berrituz joan.
Programaren lehen edizioan 60 bikote baino gehiago sortu ziren eta gehienek esperientzia errepikatzeko asmoa adierazi zuten.
Ekimenak euskararen erabilera sustatzea eta indartzea du helburu. Horretarako, bikoteak osatuko dira pertsona bakoitzaren ordutegia, zaletasunak eta interesak kontuan hartuta. Hortaz, programan parte hartu nahi dutenek galdera batzuei erantzun behar izango diete izen-emateko inprimakietan.
Era berean, programak pertsona elebidunei edo euskara maila altua dutenei aukera emango die euren borondatez euskara erabili nahi duten beste pertsona batzuei laguntzeko. Gainera, bikoteei aisialdian euskaraz gozatzeko parada emango die.
Bestalde, euskaraz mintzatu eta maila hobetu nahi dutenak eremu akademikotik kanpo euskaraz aritu ahal izango dira, naturaltasunez eta hizkuntzarekin gozatuz.
Programan izena eman nahi dutenek izen-emateko inprimakiak jaso ditzakete Ulibarri Euskaltegian (Gardoki kalea, 3. 94 416 24 72 telefonoa) edo www.ulibarri.org web orrian. Izena emateko epea urriaren 16an hasiko da.
Programan zehar bikotekideek eskuragarri izango dituzte bai bloga bai foroa, programa berritzaile honen nondik norakoak beste parte hartzaileekin trukatzeko.
EHUko aukera askeko kredituak
Mintzakideren bigarren edizioan parte hartzen duten EHUko ikasleek amortiza ditzakete aukera askeko kredituak, zer titulaziotan dauden matrikulaturik kontuan hartu gabe.
Horrela, Mintzakide programan 15 ordu eman dituztela frogatzean kreditu bat emango zaie. Ziklo bakarreko titulazioetan gehienez ere 20 kreditu emango dira, eta ziklo biko titulazioetan 30 kreditu.
Honen bitartez, Euskal Herriko Unibertsitateak bermatuko du Euskara Sailak eta Ulibarri Euskaltegiak martxan jartzen duten programa.