MINTZAKIDEEN MINTZAIRA: Unai Iturriaga
Mintzakide | 2010(e)ko juniok 2
Unai Iturriagaren “Berandu da gelditzeko” liburuaren hasiera (1999, Susa argitaletxea):
— Zer, azken garagardo bat ez ala?
— Ez, ez, ni etxera noa.
— Tira, azkena.
— Ez, benetan, ipurtzuloraino nago garagardoz.
— Speed pixka bat badaukat nahi baduzu, lehen erosi diot horko…
— Eskertua dago eskaintza, baina ez.
— Non lo egiteko asmoa duzu? Ane beste babalore horrekin joan da eta auskalo zein toki idilikotan ariko diren txorta jotzen. Nire etxean gera zaitezke, pisukidea kanpoan dago.
— Ez dauzkat lotarako ordu asko. Egia esan, ez nuke hemen egon beharko orduotan.
— Berdin dio, ohea emango dizut nik. Zure arazoa da lurrean lo egin nahi baduzu…
Mikelek justu-justuan lortu zuen Somera kaleko 13ko atea zabaltzea. Asteburu osoko egurrak ez zion errazten lurrarekiko angelua elkarzut mantentzea. Eskaileretan gora jarraitu zion Jokinek. Honek ere ausarki desafiatzen zituen orekaren lege nagusiak. Bigarren solairuko ate baten parean pausatu zen Mikel, eta berriz ere atarian izandako arazo bera izan zuen etxekoa irekitzeko. Ate ertzak giltzaren harat-honatekin urratu ostean erdietsi zuen bere helburua.
— Etxea kristo bat eginda dago, baina ez zaitez arduratu, nire pisukidea ez da oporrak bukatu artean etorriko, eta bere logela libre dago.
Han eta hemen liburuz mukuru ageri ziren apalategiei so zegoen Jokin, Mikelek komunean puxika lasaitzen zuelarik esaten ari zitzaionari jaramonik ere egin gabe.
— Sukaldean kafea eta esnea behintzat badaude, lo egin aurretik zerbait hartu nahiko bazenu. Ona dela diote! Nik lehen espagetiak prestatzen nituen parrandatik bueltan, baina speed madarikatu honek gosea ere lapurtu egiten dit.
Apalategiko liburuak arakatzen zebilen Jokin.
— Zureak al dira hauek guztiak?
— Liburuak? Bai zera! Nire pisukidearenak. Egia esan, ardoa edan, sermoiak bota eta liburuak irakurtzen baino ez daki. Tipo jatorra da baina…
— Denak irakurriak baditu jakituna ere izango da ba, joder!
— Jakituna? Hor dago bere arazoa. Gehiegi daki ero halakoak! Askotan ez da konturatzen besteok ez ditugula berak adina ordu galdu intelektoa garaztatzen, eta ikaragarrizko predikuak jasan behar izaten ditut. Ardo gehitxo edaten duenean (hortik dator intelektoa garaztatzearena), sarrerako liburuetatik hasi eta egongelara artekoen argumentua kontatzen hasten ez zait ba!
— Narrativa alemana contemporánea; Joseba Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa…
— Bai, Sarri hemen ezagutu zuen, Bilbon. Badakizu, euren garaietan. Inoiz kontatu izan dit batallitaren bat edo beste. Eta horko hori aldiz, azalarengatik erosi omen zuen. Asko gustatzen zaio azalean dakarren pintura. Margolari alemaniar batena da… Dix edo antzeko zerbait. Baina hemen dauden liburu guztien egileak ezagutzeko botila ardo batzuk hustu beharko ditut oraindik Dionisosekin.
— Dionisos?
— Hala deitzen diote. Gerra izena zuela uste dut. Beno, ni neu juergako atxurra izara artean lurperatzera noa. Badakizu non dagoen logela. Liburu artean jarraitu nahi baduzu ondo, baina