Gotzon Barandiaranen “Katamalo” olerki liburutik (2007, Susa):
BELAUNIKOALDIA
Ez dugu besterik ikusi,
ez dugu besterik entzun,
orain garenetik erabat ezberdin izateko lain
ikusi eta entzun dugu.
Gureak ere belaunikoaldia izan behar zuen.
Zilbor-heste bat eten ziguten, beste bat josi.
Josi zizkiguten hildakoak,
nortasun agiri faltsuak,
ezkutalekuak, gutxietsien iraganak,
ulertzen ez gintuzten mapak,
lau hormatan zigorrak,
hizkuntza askotako hiletak.
Ginenak izateagatik,
zoriona su-etenetan ospatzeko
baimena baino ez ziguten eman.
Etorkizuna geu ginela esaten ziguten haiek
itxarongeletan zarratzen gintuzten,
baina guk oraina izan gura genuen,
eta ez etorkizuna,
konturatu baikinen
atzeratu egiten zigutela etorkizuna
iraganarekin bat egiteraino.
Mina sendatzeko legez orrazkera aldatzeko
ordua eskatu beharrari uko eginik, batzuek,
ametsak pilatzen jarraitu gura dugu
heriotzari gainezka egin asmoz,
maitasunak bete diezagun memoria,
ezustekoa bihur dakigun ogibide.
Giltzapean gordeta dugu
helburu apal eta lorgarrien tiraniari,
ezinezkoaren ospea lausotzearen aldekoei,
belaunikoaldia onartu ez eze
belaunpeko leungarriak erabiltzen dituztenei
aurre egiteko edabea,
bi osagai baino ez dituena,
mozkorrik iraunarazten gaituena.